Museoaren historia - arteederrenmuseoa
Museoaren historia
Museoaren historia
1941ean Augustin Zulueta jauregia Arabako Foru Aldundiari saldu zioten. Erakunde horrek, Kultura Kontseiluaren bitartez, hainbat kultura zerbitzu kokatzeko erabiltzea erabaki zuen. Arabako Etxea, 1942tik aurrera eta hainbat urtez, arte eta arkeologiako museoak, probintziako artxiboa eta liburutegia, Fournier Karta Museoa eta numismatika bilduma hartu zituen.
Arte Ederren bilduma hainbat jatorritako funtsekin hornitu zen. Foru Aldundiak lehenagotik zeukan arte ondarea baliatu zen, bai eta beste erakunde eta herritar batzuek gordeta zituztenak ere. Horrela, hitzarmenak sinatu ziren Gasteizko Elizbarrutiarekin (1942), Prado Museoarekin (1944) eta Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolarekin (1957), haien lanekin museoaren hasiera aberastu eta osatzeko. Gainera, museoaren erosketa politika hasi zen, ordutik aurrera, museoaren bildumari forma ematen joan dena.
1962an Amárica Fundazioarekin hitzarmen bat sinatu zen Fernando de Amárica artista arabarraren ondare piktorikoa modu iraunkorrean erakusteko. Mugarri garrantzitsua izan zen, horren ondorioz 1965ean museoa handitzeko pabilioi berri bat eraiki zelako, Jesus Guinea Arabako arkitektoak egina. Gainera, data horretan, arkeologia eta arma bildumak Augustin Zulueta jauregitik atera ziren, beste eraikin eta egoitza propio batzuetara.
70eko hamarkadak Espainiako arte garaikideko bildumaren hasiera ekarri zuen, urteekin, Estatuko bilduma aitzindaria bihurtuko zena, osoenetakoa, Picasso, Miró eta XX. mendearen abangoardiako izenik garrantzitsuenekin. Gainera, 1978tik 1980ra, euskal artearen bilduma Ajuria Eneara lekualdatu zen, eta han egon zen harik eta 1980an Gasteiz Euskal Herriko hiriburu bihurtu zen arte eta eraikina lehendakariaren egoitza ofizial bihurtu zenean.
1999 funtsezko urtea izan zen bere historian: instalazioak itxi ziren eraberritzeko, horien artean oztopo arkitektonikorik gabeko sarbide eraikin berri bat nabarmentzen delarik, eta edukiak sakonki berregituratu ziren, funtsen hazkundea zela eta. Bildumak, XIII. mendetik gaur egunera arteko lanak dituena, banatu egin ziren: obra klasikoak, erlijio gaietakoak gehienbat, Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museora (Gasteizko Mª Inmaculada Katedrala) eraman ziren, eta 2002an arte garaikideko bilduma eraikin berri batera eraman zen (Artium, Arte Garaikideko Euskal Museoa).
2001ean berriro ireki zenetik, hiru sektoretan banatzen da: jatorrizko Augustin Zulueta Jauregia, 60ko hamarkadan zabaldu zen eremua, eta erantsitako eraikin berria, sarrera jasotzen duena. Museo osoa eraberritu eta museoen behar berrietara egokitu zen, bai sarbideei dagokienez, bai ibilbideari eta bisitarientzako zerbitzuei dagokienez.
Arabako Arte Ederren Museoak, gaur egun, XVIII. eta XIX. mendeetako Espainiako arte bildumak ditu ardatz, eta, modu espezializatuagoan, 1850-1950 aldiko euskal artea, Arabako artistei arreta berezia eskainiz; horien artean, Ignacio Díaz Olano eta Fernando de Amárica nabarmentzen dira.