Desmontatze-lana. Valderejoko Erriberako erretaula - arteederrenmuseoa
Desmontatze-lana. Valderejoko Erriberako erretaula
Desmontatze-lana. Valderejoko Erriberako erretaula
1548. urteko data duen obra bat da (XVI. mendea), estilo platereskokoa eta kalitate artistiko handiko erretaula bat, Done Ezteberi eskainia, bera baita Valderejoko (Araba) Ribera elizaren titularra. Gotzaindegiak 1952an eskaini zion Arabako Foru Aldundiari, gordailu gisa, modu iraunkorrean erakusteko asmoz Augustin Zulueta jauregiko kaperan, garai hartako Arabako Etxean, egungo Arte Ederren Museoan. Erretaula 1954an sartu zen museoan, eta harrezkero aipatutako kaperan bisitatu ahal izan da 2022ko uztailera arte, orduantxe altxatu baitzen gordailua eta erretaula Gotzaindegira itzuli.
Erretaula arkitektura, eskultura eta pintura uztartzen dituen egitura da eta predela, bi gorputz eta atikoa ditu. Eszenak bost kaletan banatzen dira (bertikalak), eta erdikoa apur bat zabalagoa da. Behealdeko inskripzio batean honako hau irakur daiteke: "ESTA OBRA ICO LA IGLESIA A SU COSTA ACABOSE AÑO DE MIL E DXLVIII AÑOS DIA DE SANTIAGO OSACRUM CONVIVIUN INCO XPS SUMITUR".
Predelan apostolutza ageri da, apostoluen irudiak hiruko taldetan batuta. Lehenengo gorputzak Done Ezteberen bizitzako eszenak jasotzen ditu, erretaula hari eskainita baitago: Predikazioa, atzematea, martirioa eta ehorzketa. Goiko gorputzean Ama Birjinaren bizitzari buruzko eszenak daude: Jaiotza, Deikundea, Jasokundea (erdiko kalean), Epifania eta, azkenik, Santa Ana Ama Birjinarekin eta Haurrarekin tronuan. Eszena horiek guztiak olioz margotuta daude taularen gainean. Erretaularen errematea zur landuzkoa da, eta kalbarioa erakusten du: Kristo gurutzean, Ama Birjina eta Done Joan alboetan dituela. Bi aldeetan dekorazio bolutak ageri dira, eta alboetako kanpoko kaleen gainean, maskorrak. Erretaulako mazoneria “a candelieri” apainduraz apainduta dago, bai eta beste apaingarri errenazentista batzuez ere.
Kontzilio Apaiztegiko Kapitulu Gelara eramateko desmuntatze lan konplexua bideoan grabatu da, prozesu horren lekuko. Bertan, ondare artistikoa kontserbatzen, zaharberritzen, biltzen eta garraiatzen espezializatutako zenbait profesionalek esku hartu dute. Arabako Foru Aldundiko Zaharberrikuntza Zerbitzuak eta Arabako Arte Ederren Museoak koordinatuta, Carolina García Maudesek egin du prozesua, Croma enpresaren laguntzarekin. Arteka enpresak egin ditu biltze lanak eta garraioa.