Colección Permanente eu

Bilduma iraunkorra

Arabako Arte Ederren Museoa 1850-1950 urteen arteko euskal artean dago espezializatua. Hainbat egileren bidez bere bilakaera antzematen da, hasi Juan Angel Saez, Juan Barroeta edo Antonio Mª Lekuona bezalako aitzindariengandik eta lengoaia inpresionista eta postinpresionista erabiltzen duten Dario Regoyos, Francisco Iturrino, Juan Etxebarria, Aurelio Arteta edo Ignazio Zuloaga bezalakoengana. Elias Salaberria eta Ramon eta Valentin Zubiaurreren konposizio handiek orduko inguruko nekazaritza eta industria gizartearen testigantza eskaintzen dute gainera, desagertzeko arriskuan zirenak Euskal Herriko industrializazioaren garapena zela eta.

 

Ignazio Díaz Olano margolariak txoko berezia dauka, Arabako margolaritzan ezinbesteko figura baita, bere lanetan genero guztiak landu zituelako, bereziki gai kostunbristak, irakaskuntzan ere arituta, artista arabar askoren maisu izanik. Margolari honen izenburu enblematikoak dira "Jatetxea", "Kalbarioko erromeriako itzulera" edo "Angelusa errezatzen" soroan eta museoko bildumaren mamiaren zati dira.

Arabar arteak berriz ere presentzia handia du Fernando Amarikari modu monografikoan eskainita dauden aretoetan, bere Fundazioaren jabetza diren eta hemen era iraunkorrean gordailaturik dauden artelanekin. Ibilbidea modu kronologikoan antolatu da eta aukera ematen du haren karrera luzean zehar erabilitako joera estilistikoen segida (errealismoa, inpresionismoa, espresionismoa) eta paisaia agertzeko haren jaidura berezia nabaritzeko. Gehienek euskal lurraldeko tokiak erakusten dituzte, baten batzuetan Errioxa, Gaztela eta bestelako alderdiak ere ikus badaitezke ere.

1912ko jauregiko aldean kokaturik, XVIII. eta XIX. mendeetako espainiar artearen bilduma, kopuruz txikia baina kalitatez garrantzitsua, batez ere erretratu eta paisaien bitartez agertzen da. Lan horietan trantsizioa nabari da, pintura klasiko eta akademikotik erromantizismoaren saio berezkoagoetara edo mugimendu errealistaren tankera zuzenagora. Vicente Lopez, Federico eta Raimundo Madrazo, Carlos Haes, Aureliano Beruete, Joaquin Sorolla edo Jose Maria Sert margolariak dira horren erakusgarri.

 


Online Katalogoa