Eduki publikatzailea

Segalarien biaoa

Sert-ek jasotako prestakuntzaren helburu nagusia zen familiako tradizioa betikotzea ehungintza arloan; bien bitartean, arte eskolak jaso zituen jaioterrian, hots, Bartzelonan. Nahiko gazte zela, umezurtz geratu zen, eta orduan jasotako herentzia garrantzitsua baliatuta, Parisera joan zen 1899an. Han, nazioarteko arrakasta izugarria lortu zuen artistak. Serten lehen emazteak, Misia Godebskak, garai hartako Parisko artisten musak, eragin handia izan zuen artistaren ibilbidean, paristar gizarteko goi-mailako giroetan sartzeko aukera eman baitzion. Modako margolari bihurtuta, Espainiako nahiz nazioarteko bezero kosmopolita, aberats eta ezagunek eskaera ugari egin zizkioten Serti, bai eta sasoi hartako erakunde garrantzitsuenek ere.

Sert pintura muralean espezialista handia izan zen. Tailerrean, kolaboratzaile askoren laguntzaz, etorri manierista eta barrokoko konposizio ikaragarriak, dinamismo handikoak, landu zituen. Serten arte unibertsoa erlijiozko gaien, Espainiako gaien eta Ekialdeko munduaren inguruan ardaztu zen. Gune enblematiko batzuk apaindu zituen, hala nola New York-eko Waldorf-Astoria hoteleko jantokia edo Genevako Nazioen jauregiko Kontseiluaren aretoa. Hala ere, Serten proiektu handinahienetako bat Vic hiriko katedralaren apainketa izan zen.

 

 

"Segalarien biaoa" Frantziako estatuaren eskariz egindako 12 margolanen multzoko bat da. Geroago, irudiak Parisko Gobelinoen Errege Manufakturan ehundu ziren tapizak egiteko. Margolan honetan, Sertek Cervantesen kostunbrismoan, pikaroen eleberrietan eta Goyaren kartoietan oinarritutako kontakizuna margotu zuen. Ohikoa ez den teknika erabilita, olioa buztinezko ore baten gainean, nekazaritza arloko irudia margotu zuen, herriko gizon-emakumeez hornituta. Bertan, haga darabilen morroi kapeladun batek eraztuna kendu dio poltsikotik lastozko azaoen gainean lotan dauden segalarietako bati. Atzealdean, Gaztelako soro segatuen atzean, landagune bat eta eliza bateko dorrea ikus daitezke. Proiektua, baina, ez zen gauzatu eta, azkenean, Sertek bezero pribatuei saldu zizkien margolanak. Kasu honetan, Parisen zegoen Espainiako orduko enbaxadoreari saldu zion.

 

 

Josep María Sert (Bartzelona, 1874-1945)

Buztinore gaineko olioa
245,3 x 185,3 cm

[Zk. 177]