Eduki publikatzailea

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

Errege baten haurtzaroa. Donostiako hondartza.

Darío de Regoyos Ribadesellan (Asturias) jaio zen 1857an, baina bizitzan zehar lotura estua izan zuen Euskal Herriarekin, eta Euskal Herriko jendea eta, batez ere, paisaiak eta bazterrak bere koadroetako protagonista egin zituen.

Margolari prestakuntza Madrilen jaso zuen, baina erabakigarria izan zen Belgikan egin zuen egonaldia. Izan ere, han, erabat murgildu zen Europako kultura abangoardian. Darío de Regoyos modernitatearen sustatzailea izan zen eta inpresionismoa sartu zuen XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako euskal eta espainiar pinturan.

Bidaiari nekaezina izan zen, eta maiz aldatu zuen bizilekua. Euskal geografiako hainbat lekutan bizi izan zen, hala nola Donostian, Bilbon, Irunen, Hernanin, Durangon eta Areetan, eta leku horietan guztietan bere margolanetarako gaiak aurkitu zituen.

Artista honen lehenengo margolanetan, “naturalismo espresionistara” hurbildu zen, Goyaren oinordeko gisa. Belgikan bizi izan zuen esperientziaren ostean, inpresionismoan murgildu zen, eta obra batzuetan dibisionismora iritsi zen.

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

Lan honetan, Ondarretako hondartzaren ikuspegia erakusten digu. 1888. urterako, margolaria sarri joaten zen Donostiara, baina 1890ean joan zen hara bizitzera. Askotan margotu zituen Donostiako hondartzak edo Kontxako pasealekua.

Oraingo honetan, itsasoa bare erakusten digu; figura batzuk hondarretan eta, atzealdean, Igeldo mendiaren eta Santa Klara uhartearen siluetak. Eszenak monarkiaren paseo lasaia deskribatzen du, Alfontso XIII.a infantearena eta bere ama Maria Kristina erreginaordearena, “olatu bainuak” deritzenak hartzean euren intimitatea babesteko erabiltzen zuten etxolaren alboan. Jauregitxo mugikorra zen, eta 60 metroko bi errail irristakorren gainean mugitzen zen, lurrunezko motor bati esker.

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

 

Darío de Regoyos (Ribadesella, Asturias, 1857 - Bartzelona, 1913)

Mihise gaineko olioa
53 x 73 cm

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

[Zk. 779]
Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

Nire alaba

Lorenzo Fernández de Viana (1866-1929) joera tradizionalaren barnean sar genezakeen eskultore garrantzitsua da. Viana prestakuntza egokia jaso ondoren eta bere dohain ukaezinei esker eskultore bihurtzea lortzen duen artisauaren adibide ezin hobea da.

 

Arabako Lantziego herrian jaio zen laborarien familia batean, eta bere lehenengo artisautza prestakuntza (ebanista) Logroñon jaso zuen. Bi une ezberdinetan joan zen Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolara. Lehenengo unean (1883-1884ko ikasturtea) lanbidearen hastapenak jaso zituen, eta gero ebanista lan egin zuen garai hartan Arabako hiriburuan zegoen altzarigintza garrantzitsuan. Bigarren unean (1893-94 eta 1894-95eko ikasturteak) eskulturarako bideratuago dago, eta izan ere, 1898ko urtarrilean Madrilera joan zen, Aniceto Marinas Segoviako eskultorearen estudiora, Gasteizko Udalaren pentsioa lortu ondoren.

 

Horiek prestakuntza urteak zein lan urteak izan ziren Vianarentzat, ondoko obra garrantzitsuak egin zituela: Estibalizko Ama Birjinaren zaharberrikuntza (1897), Felipe Dugiolsen monumentua Tolosan(1901), Ramón Fernández de Piérola apezpikuaren bustoa (1904) edo Zulueta familiaren panteoia Gasteizko Santa Isabel hilerrian (1904).

 

Mi hija

 

1907an Gasteizko Udalaren beste pentsio bat lortu zuen, hasieran ukatu eta egunkarietan nolabaiteko polemika sortu ondoren. Horri esker, Parisera joan zen, Julian Akademiara, hain zuzen ere, eta bertan hiriburuko museo eta giro artistiko ezberdinak ezagutu zituen. Handik itzultzean, enkargu garrantzitsu batzuk jaso zituen, hala nola San Prudentzioren irudia basilikarako (1907), Job (1908) --horri esker, Arte Ederren 1907ko Erakusketa Nazionalean hirugarren domina eskuratu zuen- edo Bertuteak, lehengo apezpikutza jauregiko eskailera apaintzen zuena. Gasteizko Katedral berriaren obrak hastean, eskultore eta Modelatu eta Tailuaren Eskolako irakasle lan egiten hasi zen. Apezpikutzak eskola sortu zuen, gazteak katedrala eraikitzeko behar ziren tailu eta apainketa lan ezberdinetarako prestatzeko asmoz. Hala ere, Apraiz eta Luque obrako arkitekto zuzendariekin zein Cadena y Eleta apezpikuarekin izandako desadostasunek 1912an Argentinara joanarazi zuten, bertan geratu zela 1916ra arte. Urte horretan itzuli egin zen, baina Bilbon bizi izatea erabaki zuen, eta bertan hil zen 1929an.

 

 

Nire alaba (1916-1920 aldera), eskultorearen lau alabetako baten erretratua da. Neska gazte bat irudikatzen du, ilea motots batean bilduta eta burua txapel batek estalita dituena. Artistaren eskulturaren kalitatearen adibide ona da, eta Vianak bere emakumeen irudi gehienetan erabili zuen edertasun klasiko eta lasaiaren aurpegia islatzearen berezitasuna du. Lan naturalista da, baina aldi berean xehetasun handiz eginda dago, soinekoaren lepoa apaintzen duten erliebeetan, txapelaren tolesean edo horren azpitik agertzen diren kizkurretan ikus daitekeen bezala.

 

Lorenzo Fernández de Viana (Lantziego, Araba, 1866-Bilbo, 1929)

Brontze galdatua
36 x 39 x 26 cm

Mi hija

[Zk. 0982]
Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

Lisatzaileak

1894an, Ignacio Díaz Olano Erromara joan zen bere mezenas Felipe Arrietaren —hura ere gasteiztarra— pentsioari esker. Italian egin zuen prestakuntza egonaldian margotutako lanetako bat da "Lisatzaileak", eta harekin hirugarren domina irabazi zuen 1895eko Arte Ederren Erakusketa Nazionalean.

Margolanean hamar langile daude, zuri jantzita, baina badirudi, hasieran, artistak hamaika modelo erabiltzeko asmoa zuela. Alkandora eta arropa zuriak lisatzen eta almidoitzen ari dira. Konposizioa margolanaren lehen planora begira dago: sartu berri den lankidea, zeregin horietan eskarmenturik gabea (María Antonia Proietti, artistaren modeloa), erantzuten ari da emakume adintsuenak, “gobernantak” edo lisatzaileen lantegiko arduradunak, ematen dizkion jarraibideak.

 

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

 

Mihisea, egiazki, argi eta kolore ariketa konplexu bat da, alegia, atzealde zuriaren gainean figura zuriak nabarmentzea. Eszena osoa girotze argi leun batek bahetua da; girotze hori are gehiago indartzen du lisatzailearen keinuak, zeina atzealdean leihate handiaren gortina zabaltzen ari baita. Horrela, gelari argi batasuna ematen zaio, kontrasterik gabe. Honela esan zion egileak bere adiskide min Fernando de Amárica pintore arabarrari: “Zuriekin ondo jokatzen saiatzen naiz; gauza oso zaila, eta are gehiago niretzat, zuk dakizunez beti egin zaidalako zail kolorea maneiatzea, eta aurrera ateratzeko badiotsut zoro parean nabilela ezer falta ez zaidan arren".

1895eko maiatzean, Gasteizko prentsak jakitera eman zuen lan hura “gasteiztar aberats” batek erosi zuela; ia-ia ziur, Felipe Arrietak berak erosiko zuen; hain zuzen, hark ordaindu zion Erromako egonaldia.

 

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

 

Ignacio Díaz Olano (Gasteiz, 1860-1937)

Mihise gaineko olioa
90 x 142 cm

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

[ Zk. 3390]
Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

Gorputz eguneko prozesioa Lezon

Elías Salaverríak Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan hasi zituen ikasketak, eta han, Pedro Alejandrino Irureta izan zuen irakasle. Geroago, Cubaseko markesaren pentsio bati esker, Madrilen jarraitu zuen ikasten, San Fernandoko akademian, eta han, Alejandro Ferrant eta Luis Menéndez Pidalen dizipulua izan zen. Parisera joan zen eta han Coubert, Millet eta Daumierren lana ezagutu zuen, eta haien eragina islatu zen artistaren ondorengo ekoizpenean. Nazioarteko arte lehiaketetan zenbait domina lortu zituen eta 1920tik aurrera ibilbide garrantzitsua egin zuen erretratugile gisa; Maria Kristina erreginaren eta Alfontso XIII.a erregearen erretratuak ere egin zituen. 1944an, San Fernandoko akademiako kide izendatu zuten. Bere margolanetan euskal tradizio kostunbrista jaso zuen, naturaltasun handiko estilo errealistarekin eta teknika neurritsuarekin.

Artistak, margolan honetan, bere garaiko pintura akademikoan oso ohikoa zen genero bat landu zuen: erlijio pintura, zeina XIX. mende amaieratik aurrera lantzen hasi baitzen. Artelanean ikusten da euskal erlijiositatea erakusteko asmoa, lehen planoan gizonen ilara sendoa jarrita eta, hari jarraika, emakume taldea.

Marrazketa akademikoan oinarritu zen, eta argia erabili zuen erretratuak nabarmentzeko eta pintore gisa zuen trebetasuna erakusteko. Aitzitik, ez du inolako interesik agertzen giro inpresionistarekiko, ez eta pintzelkada askeagoarekiko ere.

 

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

 

Jende apalaren jantzi ilunen atzean, paisaia argitsua ikusten da, baina gure begirada eskuinean dauden apaizen arropa argi eta dotoreetara zuzentzen da. Salaverríak hain zuzen figura horietan erakusten ditu pintore trebetasunak, bereziki bi apaizen kapa eta kasulletan; testurak eta argi distiratsuko jokoak egiteko maisutasun handia erakusten du haietan.

Margolana, oro har hartuta, erabatekoa da; Courbet-en Ehorzketa Ornansen, lanean ikusten den jende arruntaren monumentaltasun eta talde erretratuaren itxura berbera erakusten du, baina erlijioa du gai nagusi Lezoko prozesioa erakusten duen margolan honek.

Obra hori Reina Sofía Museo Nazionalak museo honetan egindako gordailua izan zen, eta 1912an lehenengo domina eskuratu zuen Arte Ederren Erakusketa Nazionalean, eta 1913an bigarren klaseko urrezko domina Municheko Arte Ederren Nazioarteko Erakusketan.

 

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

 

Elías Salaverría (Lezo, Gipuzkoa, 1883 - Madril, 1952)

Mihise gaineko olioa
180 x 364,5 cm

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

[Zk. 210]
Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

Kutxa gorria edo Ogi saltzailea

Antonio Ortiz Echagüe bere izaera kosmopolita eta ibiltariak nabarmendu zuen gainerako artista garaikideetatik. Atsedenik hartu gabe bidaiatu zuen eta hainbat herrialdetan ibili zen, beti berta-bertakoak ziren gai eta elementuak zeuden herri eta agertokien bila. Honako hauek ziren bere estiloaren ezaugarriak: marrazki mardulak, pintzelkada lodiak eta argiaren eta kolorearen erabilera ikusgarria.

 

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

 

1929an Marokora joan zen adiskide batek aholkatuta, eta bisita hark liluratu egin zuen artista, herrialdeari zerizkion koloreak eta exotismoa zirela eta. Bizileku hartu zuen, eta han bizi izan zen 1931 arte. Garai hartakoa da obra hau, Fezen zuen estudioan margotua. Hango meskitan jarri zuen ikusgai Echagüek, garai eta gai bertsuko bere beste lan batzuekin batera.

 

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

 

Marokoko azoketan ohikoa den eszena irudikatu du: emakume ogi saltzailea salgaiak kalean eskaintzen; ilunabarrean, kerosenozko lanpara batek argitzen du saltokia, eta emakumearen itzal geometrikoa horman proiektatzen. Saltzailearen aurretik igarotzen den gizon arabiarrak, txilaba luze iluna soinean duela, kutxa bat darama buru gainean. Emaztegai marokoarrek halako kutxetan gordetzen zituzten beren bitxiak eta ondasunik preziatuenak, eta ezkontza egunean senargaiaren etxera eramaten zuen eztei segizioko kideetakoren batek. Haren atzean, saltzailearen oso antzeko arropa daraman neska gazte arabiar batek osatzen du hirukotea, eta konposizioa aberasten.

 

Antonio Ortiz Echagüe (Guadalajara, 1883 - Buenos Aires, 1942)

Mihise gaineko olioa
215 x 176 cm

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

[Zk. 2049]
Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

Simón de Anda y Salazar arabarrak Filipinen defentsa egin zueneko alegoria. 1762-1763

Mihisearen goiko aldean, Simón de Anda y Salazarren (Subilla Gasteiz, 1709 - Cavite, Filipinak, 1776) erretratua ageri da, eta Filipinetako maparen inguruan hainbat eszena zenbakitu, 1762tik 1763ra bitartean britainiarren okupazioan zehar gertatutako ekintza eta jazoera belikoak kontatzen dituztenak. Ordenan jarrita daude erdialdeko kartela batean.

 

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

 

Gasteizen eta Sigüenzan ikasi ondoren, Simón de Andak Alcalá de Henaresko Unibertsitatean legeen arloko doktoregoa egin zuen. Madrilen lanean aritu ondoren, Manilako audientzian entzule izendatu zuten, eta bertara joan zen 1755ean; karguan zegoela, britainiarrek 1762an hiria hartu zuten. Desgobernu egoeraren aurrean, Andak artxipelagoaren defentsa arrakasta handiz antolatu zuen, natiboek, espainiarrek eta espainiar berriek (mexikarrek) osatutako tropekin.

 

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

 

1765ean Espainiara itzuli zen; ohore handiko harrera jaso zuen eta Karlos III.ak Gaztelako kontseilari izendatu zuen. 1767an jabetu zen karguaz. Ondoren audientziako presidente, gobernadore eta Filipinetako kapitain nagusia izan zen 1769tik 1776ra; kargu horretan izan zen zendu arte. Karlos III.aren ordenako gurutzea lortu zuen 1772an, eta kondekorazio hori dauka bularrean jarrita obra honetan; litekeena da hura izan izana oroitzapenezko mihise handi hau egiteko arrazoietako bat.

 

Lan honen egilea ezezaguna da, eta Ricardo Augustinek (1875-1965) eman zion dohaintzan Arabako Foru Aldundiari. Ricardo Augustin abokatua, jatorriz Madrilgoa eta amaren aldetik Simón de Andaren ondorengoa, izan zen Augustin Zulueta jauregiaren jabea, emazte Elvira Zulueta (1871-1917) arabarrarekin batera. Jauregia 1912an eraiki zuten Gasteizen, eta Arabako Arte Ederren Museoaren egoitza da gaur egun. Margolanaren eta etxean zeuden beste obra, altzari eta objektu batzuen dohaintza 1941ean egin zen, jauregia Arabako Aldundiari saldu zitzaionean.

 

1772 baino geroagokoa

Mihise gaineko olioa
236 x 335 cm

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

[Zk. 50]
Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

Prozesioa Elgetan

Urangak Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan eta Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Akademian egin zituen lehen ikasketak. 1889an, bere lagun Paco Durrio eskultoreak gogatuta, Parisera joan zen eta han Santiago Rusiñol eta Ignacio Zuloaga ezagutu zituen. Azkenaren lagun mina izan zen eta bien arteko adiskidetasun etenezinean funtsatuta, elkarrekin joan ziren, geroago, Ameriketako Estatu Batuetara eta Kubara. Parisen, ikasten jarraitu zuen eta erakusketa batzuetan parte hartu zuen, taldeka zein banaka. Azkenen artean, nabarmentzekoa da 1897an Le Barc de Boutteville izeneko galerian egindako erakusketa. Hala eta guztiz ere, egoera guztiz egokia zuenean, bere nortasunari zerion berezko ekinbideari lotuta, Elgetara itzuli zen. Urangak haurtzaroaren zati bat eman zuen Gipuzkoako herri txiki horretan eta beti izan zen margolariaren gordeleku espirituala.

Margolan honetan, aipatu dugun herri horretako gertaera bat ikus daiteke, prozesio bat, hain zuzen ere. Irudian, korporazioa elizara sartzen den unea ikusten da, banderariaren eta parrokoaren atzetik doala. Margolana angelu edo eskortzo behartu batetik landuta dago eta argiro erakusten du artistak pintura dinamikoa gustuko zuela, egitura librekoa, zirrimarratutakoa bailitzan. Horren adibide garbia dugu soldaduaren irudia, hots, ikuslearen begiradaren arretagunea. Margolanean, aipatzekoa da koloreen erabilera; argi ikusten da Urangak tonu lurkarak eta artistaren lanetan hainbestetan ageri diren gorrixkak gustuko zituela, betiere kontraste kromatikoa bilatuta eta argiaren garrantzia azpimarratuta.

 

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

 

Urangak Espainiako tradizio klasikoari atxikitako Velázquez, Goya edo Eugenio Lucasen eragina jaso zuen, baina margolari berritzailea izan zen, aipatutako legatua ikuspegi berri batez islatu zuelako, aurretik ezagututako Frantziako abangoardiaren eraginaren baheari esker.

 

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

 

Pablo Uranga (Gasteiz, 1861 – Donostia, 1934)

Mihise gaineko olioa
79,5 x 119 cm

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

[Zk. 186]
perezosa

Nagia

Federico Coullaut-Valera (Madril, 1912 - La Granja de San Ildefonso, Segovia, 1989) Lorenzo Coullaut Valeraren eskultore frantsesaren semea zen. Bere aitaren lantegian hezia zen, eta, aita hil ondoren, bere proiektu garrantzitsuetako batzuk osatu zituen, hala nola Alvarez Quintero anaien edo Miguel de Cervantesen omenezko monumentuak hiriburuko Espainia Plazan.

Bizitza profesional luzea izan zuen eta eskulturari arduraldi osoa eskaini zion, enkarguko lana lan pertsonalaren gainetik jarriz. Gai erlijiosoa asko garatu zuen, bereziki Aste Santuko Pasoak, eskultura monumentala eta erretratua, eskulturaren teknika eta material tradizionalak erabiliz, zurezko eta harrizko tailak eginez eta buztinez modelatuz, estilo errealista baten barruan.

 

Nagia gaztaroko lana da; emakume gazte baten biluzia da, estilo klasikokoa eta tonalitate oso argiko hareharriz egina. Obra sinatuta dago eta data du -F. Coullaut Valera 1936- oinarriaren atzealdean, arbastatu gabeko bloke borobildu bat, nondik irudia irteten baita. Formetan biribila eta gainazal oso leunekoa, nagiak ateratzen diren unean irudikatua dago, eta, beraz, gorputzaren bihurritzea eta besoen mugimendua nabarmentzen dira. Figurazio tradizionala da, eredu femeninoan nolabaiteko idealizazioa nagusi duena, ziur asko noucentisme katalanaren eraginez. Korronte horrek bilatzen zuen eskulturari itzultzea antzinatasunaren argitasuna eta oreka, emakumearen gorputzen forma oinarrizko eta sinplifikatuen bidez eta masaren balioa xehetasunaren gainetik lehenetsiz.  

 

Beste eskultura monumental batzuen artean, Metropolis eraikin ezaguna errematatzen duen Garaipen hegadunaren egilea da, edo Pio Barojaren monumentuarena, biak Madrilgo erdialdean. Euskal Herrian, bere izena oso ezaguna ez den arren, Donostiako Urgull mendia koroatzen duen Jesusen Bihotzaren irudi ikaragarria egin zuen. Monumentua 1950ean inauguratu zen eta Federico Coullaut-Valera eta Pedro Muguruza arkitekto gipuzkoarraren arteko lankidetzaren emaitza izan zen. Hura haren aita Lorenzo Coullaut Valerarekin lankidetzan aritua zen lehenagotik Cervantesen monumentuaren proiektuan eta Bilboko Jesusen Bihotzarenean.

 

Arabako Foru Aldundiko Zaharberritze Zerbitzuak 1975ean erosi eta zaharberritu zuen Nagia pieza eskultorikoa Arte Ederren Museoko lorategiko aire zabaleko eskulturen erakusketan sartu berri da. Bertan, gainera, Guessaleko San Martin ermitaren portalea eta Forondako markesa eta Fernando de Amarica margolari arabarra irudikatzen dituzten brontzezko irudiak ikus daitezke.

 

Montaje de la escultura. Mayo 2021

Montaje de la escultura. Mayo 2021
Montaje de la escultura. Mayo 2021
Montaje de la escultura. Mayo 2021
Montaje de la escultura. Mayo 2021
Montaje de la escultura. Mayo 2021
Montaje de la escultura. Mayo 2021
Montaje de la escultura. Mayo 2021
Montaje de la escultura. Mayo 2021

Federico Coullaut-Valera (Madrid, 1912 - La Granja de San Ildefonso, Segovia, 1989)

Hareharria
120 x 74 x 26 cm

 

[Nº 524]
Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

Segalarien biaoa

Sert-ek jasotako prestakuntzaren helburu nagusia zen familiako tradizioa betikotzea ehungintza arloan; bien bitartean, arte eskolak jaso zituen jaioterrian, hots, Bartzelonan. Nahiko gazte zela, umezurtz geratu zen, eta orduan jasotako herentzia garrantzitsua baliatuta, Parisera joan zen 1899an. Han, nazioarteko arrakasta izugarria lortu zuen artistak. Serten lehen emazteak, Misia Godebskak, garai hartako Parisko artisten musak, eragin handia izan zuen artistaren ibilbidean, paristar gizarteko goi-mailako giroetan sartzeko aukera eman baitzion. Modako margolari bihurtuta, Espainiako nahiz nazioarteko bezero kosmopolita, aberats eta ezagunek eskaera ugari egin zizkioten Serti, bai eta sasoi hartako erakunde garrantzitsuenek ere.

Sert pintura muralean espezialista handia izan zen. Tailerrean, kolaboratzaile askoren laguntzaz, etorri manierista eta barrokoko konposizio ikaragarriak, dinamismo handikoak, landu zituen. Serten arte unibertsoa erlijiozko gaien, Espainiako gaien eta Ekialdeko munduaren inguruan ardaztu zen. Gune enblematiko batzuk apaindu zituen, hala nola New York-eko Waldorf-Astoria hoteleko jantokia edo Genevako Nazioen jauregiko Kontseiluaren aretoa. Hala ere, Serten proiektu handinahienetako bat Vic hiriko katedralaren apainketa izan zen.

 

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

 

"Segalarien biaoa" Frantziako estatuaren eskariz egindako 12 margolanen multzoko bat da. Geroago, irudiak Parisko Gobelinoen Errege Manufakturan ehundu ziren tapizak egiteko. Margolan honetan, Sertek Cervantesen kostunbrismoan, pikaroen eleberrietan eta Goyaren kartoietan oinarritutako kontakizuna margotu zuen. Ohikoa ez den teknika erabilita, olioa buztinezko ore baten gainean, nekazaritza arloko irudia margotu zuen, herriko gizon-emakumeez hornituta. Bertan, haga darabilen morroi kapeladun batek eraztuna kendu dio poltsikotik lastozko azaoen gainean lotan dauden segalarietako bati. Atzealdean, Gaztelako soro segatuen atzean, landagune bat eta eliza bateko dorrea ikus daitezke. 

 

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

 

Josep María Sert (Bartzelona, 1874-1945)

Buztinore gaineko olioa
245,3 x 185,3 cm

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

[Zk. 177]
Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

Errementaria

Quintín de Torre Bilbon jaio zen 1877an. Oso gazte sartu zen Arte eta Lanbide Eskolan, eta Serafín de Basterra eskultorearen tailerrean ibili zen. 1898an Bartzelonara joan zen ikasten jarraitzeko, eta 1901ean, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren pentsioari esker, Parisera joan zen. Han Rodinen eta Meunierren lana ezagutu zituen, eta haiengandik dator lan munduarekiko interesa. Constantin Meunier Belgikako eskultoreak eragin handia izan zuen euskal artistetan, agian Regoyosen ezaguna zelako.

 

 

Errementaria une hartako lan bat da, 1901ean Parisen datatua. Lanean irudikatzen da, pala bat eskuan eta orga bat ondoan dituela. Jende apalaren handitasunaren goraipamena eta lan munduaren eta langileen monumentaltasuna irudikatu nahi dira. Izan ere, oso litekeena da olagizon baten eskultura hau Meunierren bi eskulturekin lotuta egotea, Le marteleur eta Le debardeur, batez ere gorputzaren jarrera orokorragatik.

 

Quintín de Torre Bilbora itzuli zen, eta Euskal Artisten Elkartearen fundazioan parte hartu zuen. Elkarte horretako lehen presidentea izen zen. Arte Ederren Erakusketa Nazionaletara, 1924ko Veneziako Biurtekora eta 1925eko Iberiar Artista Iberikoen Lehen Erakusketara joan zen. 1955ean San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako akademiko izendatu zuten.

 

 

Eskultura lan ugariren egilea da, eta, besteak beste, erretratuak, oroitzapenezko monumentuak, erlijio eskultura eta prozesio pausoak egiten zituen, bai eta gai sozial eta kostunbristako hainbat lan ere. XVI. eta XVII. mendeetako espainiar eskulturarekiko interesa eta miresmena mantendu zituen beti, bere obran ikus daitekeen bezala. Exekuzio kalitateagatik nabarmentzen da, izaera errealista handiarekin eta adierazkortasunaren bilaketarekin.

 

 

Quintín de Torre (Bilbo, 1877-1966)

Brontze galdatua
52 x 23,5 x 28 cm

[Zk. 3112]
Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

Juan Echevarriaren bustoa

Emiliano Barral (1896-1936) eskultura figuratiboaren berritzaileetako bat da, eta bide horri ekin diote beste egile batzuek ere, hala nola José Clarak edo Julio Antoniok. Bide horrek akademizismoa erabat uztea eta adierazpide berriak ikertzea zekarren.

Barral hargin familia batean jaio zen, militantzia anarkistaren giroan Tailuaren lanbidea haurtzarotik menderatu zuen, bere hiru anaiek bezala.  1917an, Madrilen soldadutza egin bitartean, Juan Cristobal eskultorea ezagutu zuen, eta hark bere estudioa eskaini zion lan egin ahal izateko. Bokazio artistiko irmoarekin, 1922an Segoviara itzuli zenean, hiriari lotutako intelektual talde batekin lotu zen, hala nola Antonio Machadorekin edo Daniel Zuloaga zeramikariarekin. Barral Madrilen kokatu zen gero, eta garai helduenean eta ekoizpen handieneko etapan sartu zen.

 

Busto de Juan de Echevarría

 

Arabako Arte Ederren Museoan dugun Juan Echevarriaren bustoa (1927-1931 aldera). Barralek gehien landu zuen generoetako baten adibide ona da: erretratua. Harrizko bloketik, pintorearen lepoa eta burua sortzen dira, ezaugarri fisiko markatuekin, ahoaren eta sudurraren zorroztasunean ikusten den bezala, edo atzerantz orraztutako ileak nabarmentzen duten kopeta irtenean. Josefina Alix historialariak dioenez, "... erretratu bikainak, lehorrak, gogorrak eta indartsuak dira, Gaztelako sustrai sakonak dituzte, eta haien tailuaren sendotasun handia ikus daiteke...".

 

Juan de Echevarría margolariak — Emiliano Barralek bezala — adiskidetasun harremana zuen garaiko hainbat artista eta intelektualekin, eta, era berean, 98ko Belaunaldiko idazleak erretratatu zituen, hala nola Valle-Inclán, Baroja edo Unamuno, eta lan haiek ere museo honetako bildumetan daude. Segur aski, lotura hori egongo zen eskultorearen eta pintorearen artean, busto hau egitean islatu zena.

 

 

40 urterekin, Emiliano Barral Userako frontean (Madril) hil zen 1936ko azaroan. Errepublikako Gobernuak Espainiako ondare artistikoa suntsipenetik babesteko eratu zuen Altxor Artistikoa Konfiskatu eta Babesteko Batzordeko kide zen.

 

Emiliano Barral (Sepúlveda, Segovia, 1896-Madril, 1936)

Kareharria zizelkatzatuta
55 x 30 x 24 cm

Busto de Juan de Echevarría

[Zk. 0780]
Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

Dolores Ibáñez de Aldecoaren bustoa

Nemesio Mogrobejok (1875-1910) euskal eskulturaren korronte moderno deiturikoa ordezkatzen du. Hogeita hamabost urterekin izandako heriotza goiztiarraren ondorioz ibilbide garrantzitsua eten zaion artistaren adibide argia da.

Mogrobejok Bilbon jaso zuen bere lehenengo prestakuntza artistikoa, Federico Saenzen lantegian eta Arte eta Lanbide Eskolan, eta Anselmo Guinea margolariaren marrazketa eta modelaketa eskolak jaso zituen han. 1894an, Bizkaiko Aldundiaren pentsioa jaso zuen eta Parisera joan zen bizitzera. Han, eskultura klasikoaren berri izan zuen, Julian akademiako eskoletara joan zen eta Paco Durrio eskultorearen lantegian lan egin zuen. Han ezagutu zuen bere ematea izango zena: Paula Scheneck, Austriako artista bat; sekulako sentikortasuna zuen, eta eragin handia izan zuen Mogrobejorengan. Paularen eta semearen heriotzak tristura sakona eragin zion artistari, eta ibilbide artistikoan aldaketa handia: artea, giza sentimenduaren irudikapen sinboliko gisa ikusten hasi zen. Italiara joan zen Bizkaiko Aldundiaren pentsio bati esker, baina handik gutxira tuberkulosiak jo zuen eta Gratz-en (Austria) hil zen 1910ean.

 

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

 

Arabako Arte Ederren Museoaren bildumakoa da Dolores Ibáñez Aldecoaren bustoa lana. Artistaren etapa modernistan egina da, eta 1897ko data darama (Pariseko egonaldia). Julián Ibáñez Aldecoa margolariaren arreba irudikatzen du, eta patinadun igeltsuz dago eginda. Modelatu leuna eman dio, bereziki aurpegiari. Ez, ordea, lepo aldeari eta arropari: mugimendu uhindua ematea lortu du azken horiei. Nabarmentzekoak dira, halaber, piezaren oinarrian ikusten diren erreferentzia organikoak.

 

Nemesio Mogrobejo (Bilbo, 1875 - Graz, Austria, 1910)

Patinadun igeltsu berdea
72 x 47 x 30 cm

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

 

[Zk. 3011]
Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

Adam eta Eva

Ángel Olarte Gasteizko artistak ibilbide interesgarria izan zuen, heriotza goiztiarrak eten zuen arte. Oso goiz ikusi zuen prestakuntza jasotzeko Arabatik kanpora irten beharra zuela eta, beraz, lehenengo Ignacio Díaz Olanoren akademian eta Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan ikasketak egin ondoren, Madrilera bizitzera joatea erabaki zuen, bere belaunaldiko beste artista arabar batzuekin batera (Saturnino Ortiz de Urbina, Ezequiel Carreras eta Obdulio López de Uralde). Ondoren, Parisera joan zen ikasten jarraitzera, eta egonaldi hartan, Italia eta Alemaniako zenbait hiritara bidaiak egin zituen.

 

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

 

Frantziako hiriburuan egindako lanetako asko 1921ean ikusgai jarri ziren Madrilgo Ateneo erakusketa aretoan egindako banakako erakusketa batean, eta lan haietan nabaria zen postinpresionismoaren planteamenduekiko gertutasuna. Erakusketak arrakasta handia izan zuen, artistak, nahiz eta gaztea izan (24 urte baino ez zituen), Parisen nagusi ziren lengoaia modernoak bereganatzen asmatu baitzuen. Handik urte gutxira, gaixotasunak (tuberkulosia) erakusketen girotik aldendu zuen pixkanaka, baina ez margotzetik.

 

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

 

Adam eta Eva Erroman egin zen, 1923an. Jatorri klasikoko obra da, bai gai biblikoari bai konposizioari dagokionez, baina karga sinbolista handia dauka, beharbada Ferdinad Hodler margolari suitzarraren figurak eraginda; halaxe dio bere biografo Santiago Arcedianok. Bi figura monumental dira, aurrez aurre eginak, eta konposizioa ia osorik hartzen dute. Edengo lorategian daude, zeina modu sintetikoan tratatua baita. Egilea bereziki harro zegoen hartaz: ."...dezente gustatzen zait eta asko gustatu zaie ikusi duten guztiei. Zalantzarik gabe, margolan honek modu berri bat erakusten du, eta izan liteke behin betikoa, bai. Aurreko guztia baino gauza askoz landuagoa da, bai horixe".

 

Ángel Olarte (Gasteiz, 1897 - 1924)

Mihise gaineko olioa
148,5 x 148,5 cm

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

 

[Zk. 779]
Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

Harema

Francisco Iturrino Santanderren jaio zen 1864an, eta hamabi urte zituela Bilbora joan zen bizitzera. Han hasi zituen ikasketak eta, bitartean, marrazketa eskoletara joaten zen. 1883an ingeniaritza ikasketak hasi zituen Liejan (Belgika), baina ia berehala Bruselara joan zen pinturan bakarrik aritzeko eta era aktiboan parte hartzeko hiriko giro bohemioan. 1895ean Parisera joan zen, eta han inpresionismoa, postinpresionismoa eta beste korronte batzuk ezagutu zituen, hala nola Les Nabis-ena. Henri Matisse ezagutu zuen, Ambroise Vollard arte merkatariarekin harremanetan hasi zen eta bere pinturak fauvismotik gertuko koloreetaranzko bilakaera izan zuen. Espainia hegoaldean eta Tangerren bidaian ibili zen, non eragin orientalista jaso baitzuen bere pinturak.

1912an Ipar Afrikan egindako bidaiaren emaitza da "Harema" izenburua duen lan hau, zeinean Iturrinok emakume talde bat erakusten baitigu. Jantzi arabiar zuri eta tipikoetan bilduta daude, eta jarrera desberdinak eskaintzen dituzte.

 

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

 

Figurez osatutako konposizio nabarrak ia osorik hartzen du mihisea. Erdialdean dagoen taldeak irudizko piramide bat osatzen du, eta haren inguruan daude gainerako silueta zirrimarratuak, zeinak desegin egiten baitira urrundu ahala, sakontasun efektua sortuz. Gainerako espazio urria zoruak eta zeruak zehazten dute.

Iturrino tradizioz fauve korronteari atxikitako pintorea izan arren, hemen kontserbadoreago ageri da koloreen erabilerari dagokionez; izan ere, fauvismoan, biziagoak eta arbitrarioagoak dira. Lan honetan gris eta okre tonuen gamak gailentzen dira, kolore gorri biziko ukituekin. Urdinak atzealdeko figurak ebaki eta mugatzea ahalbidetzen du. Uko egin die argi efektuei, ez baitu itzalik erabili eta, ondorioz, giroari kutsu astun eta geldoa dario.

Bartzelona, Madril eta Bilboko erakusketarik garrantzitsuenetara joan zen eta bere lan kolorista eta exotikoak mirespen handia eragin zuen. 1920tik aurrera gaixotu eta formatu txikiko ekoizpenari heldu zion. Azken urteak Frantzia hegoaldean zuen etxean erretiratuta eman zituen.

 

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

 

Francisco Iturrino (Santander, 1864 – Cagnes-sur-Mer, Frantzia, 1924)

Mihise gaineko olioa
73 x 90 cm

Piezas destacadas del Museo de Bellas Artes

[Zk. 528]
Gonbidatutako pieza. Martiodako erlikiak

Gonbidatutako pieza. Martiodako erlikiak

Arkeologia museoak, “Gonbidatutako pieza” programaren barruan, Martiodako erlikia ontzi ikusgarriko piezen hautaketa txiki bat hartuko du, egun Arabako Arte Ederren Museoko kaperan modu iraunkorrean ikusgai dagoena. Erlikia ontzia brodaturiko ehun aberatsez eta farfailez apaindutako hezur hondar batzuek osatzen dute. Martiodako (Araba) San Joan Ebanjelariaren elizako sakristian gordeta zeuden.

 

Arabako Zaharberritze Zerbitzuak multzo horretaz urte baino gehiagoan egin zuen azterketa, kontserbazio eta zaharberritze proiektuari buruzko informazioaren zati bat jasotzen du erakusketak, Arabako Arte Ederren Museoarekin lankidetzan.

 

Lagin honen helburua erlikia horien balio historiko, sozial eta erlijiosoa azpimarratzea da, beren jatorrizko garai eta esanahian kokatuta. Gainera, Arabako Foru Aldundiko Zaharberritze Zerbitzuak egindako zaharberritze prozesu zorrotza nabarmentzen da.

 

Kontserbazioaren hainbat arlotako espezialistek eta historialariek elkarrekin egindako lanari eta hainbat teknika analitiko erabiltzeari esker, informazio baliotsua lortu zen orain arte gutxi aztertu den ondare bati buruz, eta erlikia ontziaren ohiz kanpoko tipologia eta kontserbazio egoera nabarmendu ziren.

 

 

Gonbidatutako pieza. Martiodako erlikiak

Lekua

Arkeologia Museoa. Bilbo

Data

2025/07/04 – 2025/12/31

Aurrebista
Aurrebista
Aurrebista
Aurrebista
Aurrebista