Zuloaga, ijitoak eta flamenkoa - arteederrenmuseoa
Eduki publikatzailea
Zuloaga, ijitoak eta flamenkoa
Arabako Arte Ederren Museoak “Zuloaga. Entre lo gitano y el flamenco” erakusketan parte hartzen du, bere bildumako lan bat mailegatzearen bidez. Gyptano Fabian de Castro (margolaria) izeneko brontzezko artelana da, Juan Cristóbal eskultorearena (Ohanes, Almeria, 1897/05/25 - Madril, 1961/09/19).
Erakusketa Granadako Errege Ospitaleko gurutzaduran egingo da. Eraikina XVI. mendekoa da, eta Granadako Unibertsitateko errektoretzaren gaur egungo egoitza.
Erakusketaren gaiak erreferentzia egiten dio Ignacio Zuloaga margolariak Espainiako hegoaldeko ijitoekin eta folklorearekin —zehazki, flamenkoarekin— izan zuen harreman estuari. Zuloagak bezala, Juan Cristobalek eta bere garaiko beste artista batzuek ere interes horiek berak izan zituzten. Hain zuzen ere, 1930ean Parisera egindako bidaia batean, eskultoreak Gyptano Fabian de Castro margolariaren bustoa modelatu zuen.
Fabian de Castro musikari eta pintore ijitoa zen, 1868an Jaenen jaioa. Gitarrista gisa lan egin zuen, eta Europako eta Errusiako hainbat lekutan jardun zen bere koadro flamenkoarekin. Parisen gelditu zen azkenean, eta harreman estua izan zuen Frantziako hiriburuan bizi ziren artista plastiko espainiarrekin. Zuloagak, besteak beste, pintore jardutera animatu zuen.
Castrok pinturan aritzeko utzi zuen musika, eta pinturari eskaini zion biziaren gainerakoa, 1948an Parisen hil zen arte.
Juan Cristobal andaluziarra zen jaiotzez, baina 1913an Madrilera joan zen, 17 urte zituela. Julio Antonioren gisako eskultoreek irudikatzen zuten noucentismeko klasizismora bideratu zuen bere estiloa.
Garai hartako artista eta intelektual ugarirekin izan zuen harremana, hala nola Romero de Torres, Zuloaga, Valle Inclan edo Juan Belmonterekin. Monumentu publiko garrantzitsuak egin zituen, bai eta garai eta gizarte bizitza hartako pertsonaien marmol zurizko eta brontzezko busto eta erretratu ugari ere.
Lekua
Granadako ospitaleko gurutzadura. Granadako Unibertsitateko errektoretza
Datak
2022/03/04 – 2022/05/27