XIX. EL SIGLO DEL RETRATO. Colecciones del Museo del Prado e - arteederrenmuseoa
Eduki publikatzailea
XIX. EL SIGLO DEL RETRATO. Colecciones del Museo del Prado
Otsailaren 16an, XIX. El siglo del Retrato. Colecciones del Museo del Prado erakusketa abian jarriko da Caixaforum-en Bartzelonako egoitzan. Pradoko Museoak eta “La Caixa” Fundazioak elkarrekin antolatu dute erakusketa, eta erretratuaren inguruko obrak bilduko ditu, adierazpen eta teknika guztietakoak. Hautatutako lanetako bat Raimundo de Madrazoren Maria Hahn Etxenagusia, pintorearen bigarren emaztearen erretratua mihise handia da. Artelan hori Arabako Arte Ederren Museoan dagoen Pradoko Museoaren gordailua da, eta gure aretoetan modu iraunkorrean ikusgai dago 1964az geroztik.
Erretratu horrek duen garrantzia dela eta, ezinbesteko pieza bihurtu da Pradoko Museo Nazionalaren azken urteotako proiektu handietan. Proiektu horien artean, nabarmentzekoak dira “El Retrato español en el Prado”, “De Goya a Sorolla” eta, ondoren, “Del Greco a Sorolla” —ibiltaria 2007 eta 2011 artean—, eta oraintsuago, “Invitadas” erakusketa, 2021 eta 2022 artean antolatua.
Oraingo honetan, lehenengo aldiz landu da XIX. mendeko erretratuaren gaia modu monografikoan eta diziplina guztietan: pintura, eskultura, medailistika, miniatura, akuarela, marrazkigintza, akuafortea, litografia eta argazkigintza, besteak beste, Francisco de Goya, Eduardo Rosales, Federico eta Raimundo de Madrazo eta Mariano Benlliure egileekin. Pradoko Museo Nazionaleko bildumen aberastasunak eta aniztasunak ahalbidetzen dute proposamen hori.
Madrazotarren saga artistiko ospetsukoa da Raimundo. Sagako figura nabarmenena haren aita da, Federico de Madrazo, XIX. mendeko Espainiako erretratugile onenetakoa. Raimundok, gaztetatik, hezkuntza arretatsua izan zuen, bai Espainian, bai atzerrian. Parisen bizi izan zen bere bizitzaren zatirik luzeenean, eta hango “gizarte apartaren giroan” sartu zen. Eta, hain zuzen, giro horretan egindako harremanei esker, aretoetara joan ohi ziren intelektualek eta burgesia eta aristokraziako kideek osatu zuten haren bezero sarea.
Oso gaztetan geratu zen alargun, eta bigarrenez ezkondu zen, María Hahn Echenaguciarekin, Parisen bizi zen familia germano-venezuelar handi eta garrantzitsu bateko kidea bera. Haren anaia, Reynaldo Hahn, Belle Epoqueko Parisko musikari garrantzitsuenetako bat izan zen. Raimundo de Madrazok hainbat aldiz erretratatu zuen Maria, baina beharbada margolan hori izango da margotu zituen guztietatik irismen handienekoa. 1901ean datatua da, ezkondu eta bi urtera, eta tamaina naturalean irudikatu zuen, diban batean eserita eta XVIII. mendeko modaren arabera jantzita, tonu urdin, zilarkara eta zuriko soineko ikusgarri bat soinean duela.
Obra New Yorken egina da, hura baitzen Raimundo de Madrazoren ohiko bizilekua 1897az geroztik. Hiri hartan margotzen eta erakusten zituen batez ere emakumezkoen erretratuak, geroago hiri hartan bertan zenbait espainiar artistak, hala nola Sorollak edo Zuloagak, izan zituzten arrakastak aurreratuz.
Bartzelonan inauguratutako erakusketa, Zaragozan eta Sevillan izan da jada, gaur egun Valentzian dago, eta ondoren Palmako egoitzara eramango dute.
XIX. EL SIGLO DEL RETRATO. Colecciones del Museo del Prado
Lekua
CaixaForum Valencia
Eduardo Primo Yúfera kalea, 1
Valentzia
Data
2024/07/12 – 2024/10/24