Eduki publikatzailea

Sorolla argiaren bidez. Tradiziotik modernitatera

Sorolla argiaren bidez. Tradiziotik modernitatera

Arabako Arte Ederren Museoak aldi baterako utzi du Joaquín Sorolla (Valentzia, 1863 - Cercedilla, Madril, 1923) artista valentziarraren Luis López Ballesteros jaunaren erretratua  artelana, pintore horri buruz Ponferradako La Térmica Cultural kultura zentroan egiten ari den erakusketarako. Leongo zentro hori Compostilla I zentral termikoaren instalazio zaharretan dago, eta Ciudad de la Energía Fundazioak kudeatzen du. Bertan dago erakusketa hau: "Sorolla argiaren bidez. Tradiziotik modernitatera", 2025eko maiatzaren 30etik urriaren 13ra arte

 

Erakusketak Sorollaren berrogei margolan ditu, eta, gainera, esperientzia berriak eskaintzen ditu zentzumen areto baten eta errealitate birtualeko beste areto baten bidez. Haren margolanari dagokionez, gai enblematikoenak biltzen ditu, hala nola itsasoa eta hondartza eta erretratua. Hain zuzen ere, genero horretakoa da Arabako Arte Ederren lana. Sorollak Luis López Ballesteros idazle eta politikaria erretratatu du hemen, zeinarekin adiskidetasun loturak baitzituen, eskaintzatik ondorioztatzen denez. Oihala 1903an egin zen, Sorollaren heldutasun etapakoa da, eta ordurako hark sari garrantzitsuak lortuta zituen, bai nazionalak, bai nazioartekoak.

 

Sorolla Valentziako San Karlos Akademian trabatu zen margolaritzan, geroago Madrilen, Erroman eta Parisen, 1890ean Espainiako hiriburuan finkatu aurretik. Mende berriaren lehenengo hamarkadan, bere inguruneari lotutako pertsonaien erretratu batzuk egin zituen: familia, lankideak eta lagunak, eta haien artean sartzen da margolan hau.

 

 

Formatu etzanak Ballesteros lehen planoan erakusten digu, marroi koloreko beroki bat eta alkandora zuriaren lepoekin kontraste egiten duen jantzi ilun bat soinean. Hegalean daraman arrosak jartzen du kolorea. Lore xehetasun hori garai horretako beste erretratu batzuetan ere ikus dezakegu. Margolariaren lagun taldearen erretratu horiek haren langelan egin ziren. Gehienetan, lantegiko lan giroa nabarmentzeko moduko hondoak aukeratzen ditu. Bertan, pintzelkada solteetan oinarrituta, atzean zintzilik dauden horma atalak eta pinturak antzematen dira, baita eskultura txiki bat eta liburu batzuk ere, mahai baten gainean.

Luis López Ballesteros (1869-1933) kazetari, literato eta politiko espainiarra izan zen. Filosofia eta Letretako lizentziaduna zen, eta erredaktore gisa lan egin zuen idatzizko hedabide askotan, hala nola El Imparcial egunkarian. Harekin elkarlanean aritu zen 1903tik, eta gero zuzendari aritu zen han. Halaber, La Ilustración Española y Americana, El Teatro, ABC eta beste egunkari batzuetako kolaboratzailea izan zen. Antzerki pieza batzuk eta eleberri laburrak egin zituen. Bere jarduera politikoaren ondorioz, Málaga, Cádiz eta Madrilgo probintzietako gobernadore karguak bete zituen. Alderdi Liberaleko militantea izan zen, eta Gorteetako diputatu hautatu zuten 1907tik 1923rako hauteskunde orokorretan. Kongresuko lehendakariordea ere izan zen.

 

Sorolla argiaren bidez. Tradiziotik modernitatera

Lekua

La Térmica Cultural, Ponferrada, León

Data

2025/05/30 – 2025/10/13