Eduki publikatzailea

Ramón de Zubiaurre. Sorterriaren kolorea

Ramón de Zubiaurre. Sorterriaren kolorea

Durangoko Arte eta Historia Museoak Ramón de Zubiaurre erakusketa antolatu du. Sorterriaren kolorea abenduaren 2tik 2023ko otsailaren 5era arte erakutsiko da. Erakusketa honek Ramón de Zubiaurre Agirrezabal (1882-1969) euskal pintorearen irudia du ardatz, haren jaiotzaren 140. urteurrena betetzen denean.

Antolatzaileek adierazi dutenez, proiektua bereziki erakargarria da; izan ere, pintorea hil ondoren, bere lan artistikoari banaka heltzen dion lehena da, bere anaia Valentín de Zubiaurrek egindako ekarpena alde batera utzita. Horri esker, orain arte ezezagunak izan diren Ramón de Zubiaurreren alderdi biografikoak eta artistikoak izango dira ardatz.

 

Durangaldeko Garain (Bizkaia) jaio zen, eta bereziki estimatutako artista da eskualde horretan. Haren margolanentzako inspirazioaren zati handi bat jaso zuen handik, paisaian, jendearengan eta tradizioetan oso oinarrituta. Haren irudia euskal arte adierazpenen erreferente garrantzitsuenetako bat da XIX. mendetik XX. mendera bitarteko trantsizioan.

 

Erakusgai jarritako obren artean, beren bildumakoez gain, fundazioen, bilduma pribatuen eta beste museo batzuen margolanak bildu dituzte. Kasu honetan, erakusketak Ramón de Zubiaurreren bi lan enblematiko ditu, Arabako Arte Ederren Museotik etorriak. Nire herriko agintariak (1909 eta 1910 artekoa) eta Mirentxu ezti-eztia geroagokoa (1915 ingurukoa) izeneko oihalak dira. Margolan biak, egileak berak eta lanek berek duten garrantziagatik, erakusketa iraunkorraren parte izan dira 1954an sartu zirenetik.

 

“Mirentxu ezti-eztia” Ramón de Zubiaurreren adibide bereizgarria da. Idealismoa biltzen du errealismoaren barruan, eta, aldi berean, nostalgia islatzen du aldatzen ari den munduarekiko. Landa giroko eszena bat dugu aurrean, aire bukolikoa daukana, eta pertsonaia nagusia emakume gazte bat da, albora begira. Jantzi herrikoi bat darama soinean, eta lore bati eusten ari zaio eskuarekin; besotik zintzilik, berriz, sagarrak dituen saski bat darama. Atzeko planoan, baserriak eta mendiek antzerkiko agertokiaren itxura ematen diote berriz ere lanari eta erretratatuaren irudia areago nabarmentzen dute.

 

 
 

 

"Nire herriko agintariak" kontrastez betetako lana da. Lehen planoko pertsonaiak batez ere hieratikoak dira eta xehetasun handiz margotuta daude. Baxera, oihalak eta frutak XVI. mendeko pintura flamenkoaren antzera daude irudikatuta. Aldiz, hondoko planoetan, mugimendua eta irrealtasuna nagusitzen dira. Mahaira eserita dauden mahaikideen isiltasunari txistularien musika kontrajartzen zaio, eta pitxerraren distira eta argitasunari, herri zoragarri eta imajinarioa, ipuin batetik aterata bezala.

Ramón de Zubiaurre. Sorterriaren kolorea

Lekua

Durangoko Arte eta Historia Museoa

San Agustinalde Kalea, 16, 48200 Durango, Bizkaia

Data

2022/12/02 – 2023/02/05