Eduki publikatzailea

Raimundo de Madrazo

Raimundo de Madrazo

Irailaren 19an hasiko da Madrilgo Mapfre Fundazioaren Recoletos aretoan, Raimundo de Madrazo erakusketa. Erakusketa 2026ko urtarrilaren 18ra arte bisitatu ahal izango da, eta aukera paregabea da Espainiako XIX. mendeko dinastia artistiko garrantzitsuenetako bateko egile honen lanean murgiltzeko. Erakusketa bere garaiko pintore kosmopolitenetako eta teknikarik finenetako bat izan zenari buruzko atzera begirako lehen erakusketa handia da, eta bere garaiko goi mailako gizarteko genero-pintore eta erretratugile gailentzat onartua izan zen.

 

 
 

Ehun obra baino gehiago ditu, eta margolariaren ekoizpena ikuspegi kronologiko eta tematiko batetik aztertzen duten zortzi ataletan zehar hedatzen da ibilbidea. Proiektu garrantzitsu honek nazioko eta nazioarteko ia hirurogei erakunde eta bilduma partikular garrantzitsuren babesa du, besteak beste, Madrilgo Museo Nacional del Prado, New Yorkeko Metropolitan Museum of Art, New Yorkeko Hispanic Society of America edo Parisko Musée d 'Orsay.

 

Hautatutako lan bat da Raimundo de Madrazoren Maria Hahn, pintorearen bigarren emaztearen erretratua. Artelan hori Arabako Arte Ederren Museoan dagoen Pradoko Museoaren gordailua da, eta gure aretoetan modu iraunkorrean ikusgai dago 1964az geroztik. 

 

Erretratu horrek duen garrantzia dela eta, ezinbesteko pieza bihurtu da Pradoko Museo Nazionalaren azken urteotako proiektu handietan. Proiektu horien artean, nabarmentzekoak dira “El Retrato español en el Prado”, “De Goya a Sorolla” eta, ondoren, “Del Greco a Sorolla” —ibiltaria 2007 eta 2011 artean—, “Invitadas” erakusketa, 2021 eta 2022 artean, eta oraintsuago "XIX. Erretratuaren mendea. Prado Museoko bildumak" erakusketan, 2023 eta 2024 artean. Era berean, beste erakusketa-proiektu garrantzitsu baten parte izan berri da: “Proust y las Artes” erakusketa hiriburuko Thyssen-Bornemisza museoan.

 

Madrazotarren saga artistiko ospetsukoa da egilea. Sagako figura nabarmenena haren aita da, Federico de Madrazo, XIX. mendeko Espainiako erretratugile onenetakoa. Raimundok, gaztetatik, hezkuntza arretatsua izan zuen, bai Espainian, bai atzerrian. Parisen bizi izan zen bere bizitzaren zatirik luzeenean, eta hango “gizarte apartaren giroan” sartu zen. Eta, hain zuzen, giro horretan egindako harremanei esker, aretoetara joan ohi ziren intelektualek eta burgesia eta aristokraziako kideek osatu zuten haren bezero sarea.

 

Oso gaztetan geratu zen alargun, eta bigarrenez ezkondu zen, María Hahn Echenaguciarekin, Parisen bizi zen familia germano-venezuelar handi eta garrantzitsu bateko kidea bera. Haren anaia, Reynaldo Hahn, Belle Epoqueko Parisko musikari garrantzitsuenetako bat izan zen. Raimundo de Madrazok hainbat aldiz erretratatu zuen Maria, baina beharbada margolan hori izango da margotu zituen guztietatik irismen handienekoa. 1901ean datatua da, ezkondu eta bi urtera, eta tamaina naturalean irudikatu zuen, diban batean eserita eta XVIII. mendeko modaren arabera jantzita, tonu urdin, zilarkara eta zuriko soineko ikusgarri bat soinean duela. 

 

Obra New Yorken egina da, hura baitzen Raimundo de Madrazoren ohiko bizilekua 1897az geroztik.  Hiri hartan margotzen eta erakusten zituen batez ere emakumezkoen erretratuak, geroago hiri hartan bertan zenbait espainiar artistak, hala nola Sorollak edo Zuloagak, izan zituzten arrakastak aurreratuz. 

 

Raimundo de Madrazo

Lekua

Mapfre Fundazioa, Recoletos, aretoa, Madril

Data

2025/09/19 – 2026/01/18