PD_007_Gorputz eguneko prozesioa Lezon - arteederrenmuseoa
Eduki publikatzailea

Gorputz eguneko prozesioa Lezon
Elías Salaverríak Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan hasi zituen ikasketak, eta han, Pedro Alejandrino Irureta izan zuen irakasle. Geroago, Cubaseko markesaren pentsio bati esker, Madrilen jarraitu zuen ikasten, San Fernandoko akademian, eta han, Alejandro Ferrant eta Luis Menéndez Pidalen dizipulua izan zen. Parisera joan zen eta han Coubert, Millet eta Daumierren lana ezagutu zuen, eta haien eragina islatu zen artistaren ondorengo ekoizpenean. Nazioarteko arte lehiaketetan zenbait domina lortu zituen eta 1920tik aurrera ibilbide garrantzitsua egin zuen erretratugile gisa; Maria Kristina erreginaren eta Alfontso XIII.a erregearen erretratuak ere egin zituen. 1944an, San Fernandoko akademiako kide izendatu zuten. Bere margolanetan euskal tradizio kostunbrista jaso zuen, naturaltasun handiko estilo errealistarekin eta teknika neurritsuarekin.
Artistak, margolan honetan, bere garaiko pintura akademikoan oso ohikoa zen genero bat landu zuen: erlijio pintura, zeina XIX. mende amaieratik aurrera lantzen hasi baitzen. Artelanean ikusten da euskal erlijiositatea erakusteko asmoa, lehen planoan gizonen ilara sendoa jarrita eta, hari jarraika, emakume taldea.
Marrazketa akademikoan oinarritu zen, eta argia erabili zuen erretratuak nabarmentzeko eta pintore gisa zuen trebetasuna erakusteko. Aitzitik, ez du inolako interesik agertzen giro inpresionistarekiko, ez eta pintzelkada askeagoarekiko ere.
Jende apalaren jantzi ilunen atzean, paisaia argitsua ikusten da, baina gure begirada eskuinean dauden apaizen arropa argi eta dotoreetara zuzentzen da. Salaverríak hain zuzen figura horietan erakusten ditu pintore trebetasunak, bereziki bi apaizen kapa eta kasulletan; testurak eta argi distiratsuko jokoak egiteko maisutasun handia erakusten du haietan.
Margolana, oro har hartuta, erabatekoa da; Courbet-en Ehorzketa Ornansen, lanean ikusten den jende arruntaren monumentaltasun eta talde erretratuaren itxura berbera erakusten du, baina erlijioa du gai nagusi Lezoko prozesioa erakusten duen margolan honek.
Obra hori Reina Sofía Museo Nazionalak museo honetan egindako gordailua izan zen, eta 1912an lehenengo domina eskuratu zuen Arte Ederren Erakusketa Nazionalean, eta 1913an bigarren klaseko urrezko domina Municheko Arte Ederren Nazioarteko Erakusketan.
Elías Salaverría (Lezo, Gipuzkoa, 1883 - Madril, 1952)