PD_004_Adan_Eva-eu - arteederrenmuseoa
Eduki publikatzailea
Adam eta Eva
Ángel Olarte Gasteizko artistak ibilbide interesgarria izan zuen, heriotza goiztiarrak eten zuen arte. Oso goiz ikusi zuen prestakuntza jasotzeko Arabatik kanpora irten beharra zuela eta, beraz, lehenengo Ignacio Díaz Olanoren akademian eta Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan ikasketak egin ondoren, Madrilera bizitzera joatea erabaki zuen, bere belaunaldiko beste artista arabar batzuekin batera (Saturnino Ortiz de Urbina, Ezequiel Carreras eta Obdulio López de Uralde). Ondoren, Parisera joan zen ikasten jarraitzera, eta egonaldi hartan, Italia eta Alemaniako zenbait hiritara bidaiak egin zituen.
Frantziako hiriburuan egindako lanetako asko 1921ean ikusgai jarri ziren Madrilgo Ateneo erakusketa aretoan egindako banakako erakusketa batean, eta lan haietan nabaria zen postinpresionismoaren planteamenduekiko gertutasuna. Erakusketak arrakasta handia izan zuen, artistak, nahiz eta gaztea izan (24 urte baino ez zituen), Parisen nagusi ziren lengoaia modernoak bereganatzen asmatu baitzuen. Handik urte gutxira, gaixotasunak (tuberkulosia) erakusketen girotik aldendu zuen pixkanaka, baina ez margotzetik.
Adam eta Eva Erroman egin zen, 1923an. Jatorri klasikoko obra da, bai gai biblikoari bai konposizioari dagokionez, baina karga sinbolista handia dauka, beharbada Ferdinad Hodler margolari suitzarraren figurak eraginda; halaxe dio bere biografo Santiago Arcedianok. Bi figura monumental dira, aurrez aurre eginak, eta konposizioa ia osorik hartzen dute. Edengo lorategian daude, zeina modu sintetikoan tratatua baita. Egilea bereziki harro zegoen hartaz: ."...dezente gustatzen zait eta asko gustatu zaie ikusi duten guztiei. Zalantzarik gabe, margolan honek modu berri bat erakusten du, eta izan liteke behin betikoa, bai. Aurreko guztia baino gauza askoz landuagoa da, bai horixe.”".
Ángel Olarte (Gasteiz, 1897 - 1924)
Mihise gaineko olioa
148,5 x 148,5 cm