PD_003_Harema - arteederrenmuseoa
Eduki publikatzailea
Harema
Francisco Iturrino Santanderren jaio zen 1864an, eta hamabi urte zituela Bilbora joan zen bizitzera. Han hasi zituen ikasketak eta, bitartean, marrazketa eskoletara joaten zen. 1883an ingeniaritza ikasketak hasi zituen Liejan (Belgika), baina ia berehala Bruselara joan zen pinturan bakarrik aritzeko eta era aktiboan parte hartzeko hiriko giro bohemioan. 1895ean Parisera joan zen, eta han inpresionismoa, postinpresionismoa eta beste korronte batzuk ezagutu zituen, hala nola Les Nabis-ena. Henri Matisse ezagutu zuen, Ambroise Vollard arte merkatariarekin harremanetan hasi zen eta bere pinturak fauvismotik gertuko koloreetaranzko bilakaera izan zuen. Espainia hegoaldean eta Tangerren bidaian ibili zen, non eragin orientalista jaso baitzuen bere pinturak.
1912an Ipar Afrikan egindako bidaiaren emaitza da "Harema" izenburua duen lan hau, zeinean Iturrinok emakume talde bat erakusten baitigu. Jantzi arabiar zuri eta tipikoetan bilduta daude, eta jarrera desberdinak eskaintzen dituzte.
Figurez osatutako konposizio nabarrak ia osorik hartzen du mihisea. Erdialdean dagoen taldeak irudizko piramide bat osatzen du, eta haren inguruan daude gainerako silueta zirrimarratuak, zeinak desegin egiten baitira urrundu ahala, sakontasun efektua sortuz. Gainerako espazio urria zoruak eta zeruak zehazten dute.
Iturrino tradizioz fauve korronteari atxikitako pintorea izan arren, hemen kontserbadoreago ageri da koloreen erabilerari dagokionez; izan ere, fauvismoan, biziagoak eta arbitrarioagoak dira. Lan honetan gris eta okre tonuen gamak gailentzen dira, kolore gorri biziko ukituekin. Urdinak atzealdeko figurak ebaki eta mugatzea ahalbidetzen du. Uko egin die argi efektuei, ez baitu itzalik erabili eta, ondorioz, giroari kutsu astun eta geldoa dario.
Bartzelona, Madril eta Bilboko erakusketarik garrantzitsuenetara joan zen eta bere lan kolorista eta exotikoak mirespen handia eragin zuen. 1920tik aurrera gaixotu eta formatu txikiko ekoizpenari heldu zion. Azken urteak Frantzia hegoaldean zuen etxean erretiratuta eman zituen.
Francisco Iturrino (Santander, 1864 – Cagnes-sur-Mer, Frantzia, 1924)