A8_nire alaba - arteederrenmuseoa
Eduki publikatzailea
Nire alaba
Lorenzo Fernández de Viana (1866-1929) joera tradizionalaren barnean sar genezakeen eskultore garrantzitsua da. Viana prestakuntza egokia jaso ondoren eta bere dohain ukaezinei esker eskultore bihurtzea lortzen duen artisauaren adibide ezin hobea da.
Arabako Lantziego herrian jaio zen laborarien familia batean, eta bere lehenengo artisautza prestakuntza (ebanista) Logroñon jaso zuen. Bi une ezberdinetan joan zen Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolara. Lehenengo unean (1883-1884ko ikasturtea) lanbidearen hastapenak jaso zituen, eta gero ebanista lan egin zuen garai hartan Arabako hiriburuan zegoen altzarigintza garrantzitsuan. Bigarren unean (1893-94 eta 1894-95eko ikasturteak) eskulturarako bideratuago dago, eta izan ere, 1898ko urtarrilean Madrilera joan zen, Aniceto Marinas Segoviako eskultorearen estudiora, Gasteizko Udalaren pentsioa lortu ondoren.
Horiek prestakuntza urteak zein lan urteak izan ziren Vianarentzat, ondoko obra garrantzitsuak egin zituela: Estibalizko Ama Birjinaren zaharberrikuntza (1897), Felipe Dugiolsen monumentua Tolosan(1901), Ramón Fernández de Piérola apezpikuaren bustoa (1904) edo Zulueta familiaren panteoia Gasteizko Santa Isabel hilerrian (1904).
1907an Gasteizko Udalaren beste pentsio bat lortu zuen, hasieran ukatu eta egunkarietan nolabaiteko polemika sortu ondoren. Horri esker, Parisera joan zen, Julian Akademiara, hain zuzen ere, eta bertan hiriburuko museo eta giro artistiko ezberdinak ezagutu zituen. Handik itzultzean, enkargu garrantzitsu batzuk jaso zituen, hala nola San Prudentzioren irudia basilikarako (1907), Job (1908) --horri esker, Arte Ederren 1907ko Erakusketa Nazionalean hirugarren domina eskuratu zuen- edo Bertuteak, lehengo apezpikutza jauregiko eskailera apaintzen zuena. Gasteizko Katedral berriaren obrak hastean, eskultore eta Modelatu eta Tailuaren Eskolako irakasle lan egiten hasi zen. Apezpikutzak eskola sortu zuen, gazteak katedrala eraikitzeko behar ziren tailu eta apainketa lan ezberdinetarako prestatzeko asmoz. Hala ere, Apraiz eta Luque obrako arkitekto zuzendariekin zein Cadena y Eleta apezpikuarekin izandako desadostasunek 1912an Argentinara joanarazi zuten, bertan geratu zela 1916ra arte. Urte horretan itzuli egin zen, baina Bilbon bizi izatea erabaki zuen, eta bertan hil zen 1929an.
Nire alaba (1916-1920 aldera), eskultorearen lau alabetako baten erretratua da. Neska gazte bat irudikatzen du, ilea motots batean bilduta eta burua txapel batek estalita dituena. Artistaren eskulturaren kalitatearen adibide ona da, eta Vianak bere emakumeen irudi gehienetan erabili zuen edertasun klasiko eta lasaiaren aurpegia islatzearen berezitasuna du. Lan naturalista da, baina aldi berean xehetasun handiz eginda dago, soinekoaren lepoa apaintzen duten erliebeetan, txapelaren tolesean edo horren azpitik agertzen diren kizkurretan ikus daitekeen bezala.
Lorenzo Fernández de Viana (Lantziego, Araba, 1866-Bilbo, 1929)