27 LORENZO FERNÁNDEZ DE VIANA (1866-1929). Un escultor alavés eu - arteederrenmuseoa
Eduki publikatzailea
Lorenzo Fernández de Viana (1866-1929). Arabako eskultorea
Lorenzo Fernández de Viana (Lanciego, Araba, 1866 – Bilbo, 1929) kronologikoki XIX. mendearen eta XX. mendearen artean kokatzen da. Artisau moduan hasi eta, ondorengo prestakuntzarekin, eskultore gisa betetasunera heltzen den artistaren adibide ezin hobea da.
Arabako Arte Ederren Museoko aretoetako erakusketa honek eta horretarako egindako katalogoak xedea dute artista hau berreskuratzea, ezagutza duen garai hartako arabar eskultore bakarra, baita ere bizitzea egokitu zitzaion une historiko-artistikoa azaltzea: eskultura pintura baino gutxiago balioestera jotzen zuen gizarte bat, eta zailtasun teknikoari lehengaien kostu handia gaineratu behar zaion arte alor bat.
Zurgin lanean hasi zen eta ikasketak egin zituen Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan lehenik eta, ondoren, Madrilen eta Parisen. Prestakuntza horri esker, hiriko eskultura tailer bakarra ireki zuen, zeinean obra garrantzitsua egin baitzuen, genero guztiak landuz. Nabarmentzekoa da katedral berrian egin zuen lana, lehenik eskultore moduan eta, jarraian, Taila eta Modelatze Eskolako irakasle moduan ere bai. Handigurako proiektu hark ekarri zituen eskultura arloko prestakuntza beharrengatik sortu zen eskola hori.
Bere jardun gehiena gure lurraldean garatu zuen arren, Argentinara aldatu ondoren haren bizitzaren eta lanbide jardueraren beste urrats bat hasi zen. Hartan, garrantzizko lanak egin zituen Mar del Plata eta Buenos Aires hirietan. 1917an Espainiara itzulita, Bilbon kokatu zen eta, harez geroztik, lan konbentzionalagoak egin zituen, tamaina txikikoak eta ohitura-gaiei buruzkoak. Hiri hartan hil zen, 1929an.
Arabako Arte Ederren Museoan artista honen lan multzo garrantzitsu bat dago, haietako gehienak haren senideek dohaintzan emanak eta erakusketa honetan ikusgai daudenak, hala nola Pablo Urangaren soina (1908), Nire alaba (1916-1920 inguru) eta Autorretratua (1920). Horiek guztiak brontzez eginak eta tamaina txikikoak dira. Hala ere, haren ekoizpenaren zati handi bat arkitekturarekin berez loturik dago eta horrengatik ezinezkoa da erakusketa honetara ekartzea. Halaber, eskulturetan erabilitako material batzuk hauskorrak dira eta, hortaz, denborak narriatu egin ditu eta, zenbaitetan, desagerrarazi.
Areto hauetan Lorenzo Fernández de Vianaren lana aurkezteak zailtasun bat dauka, alegia, lan kopuru txiki bat daukagula. Horregatik guztiagatik, Vianaren garrantzi artistikoa dokumentatu eta ezagutzera emateko Museoak egin dituen ahaleginak antzinako eta egungo irudi fotografiko ugariren bidez gauzatu dira. Horiek, hainbat testurekin osatuta, artista bere testuinguruan kokatzen laguntzen dute.
Erakusketaren barnean, haren bizitzaren eta garai hartako Gasteizen xehetasunez gainera, zenbait atal daude, haren lan garrantzitsuenetako batzuk jasotzen dituztenak, genero eta gai desberdinetakoak, hala nola erlijiozko eta oroitzapenezko eskultura, hilobi-eskultura, erretratua eta arkitektura zibilarekin loturiko eskultura alegorikoa.
2021/10/14 – 2022/ 03/20
Asteartetik larunbatera
10:00 - 14:00 eta 16:00 - 18:30
Igande eta jaiegunetan
11:00 - 14:00
Astelehenetan, jaiegunak izan ezik, itxita
Astelehena jaieguna izan bada, asteartean itxita