Fantasia eta arrazoia. Goyaren estanpak Arabako Arte Ederren Museoko bilduman - arteederrenmuseoa
Eduki publikatzailea
Fantasia eta arrazoia. Goyaren estanpak Arabako Arte Ederren Museoko bilduman
Francisco Goyaren (1746-1828) lau estanpa serie handiak, Kapritxoak, Gerraren hondamendiak, Tauromakia eta Burugabekeriak, 2022an sartu ziren Arabako Arte Ederren Museoaren bilduman, Juan Celaya Letamendi Fundazioak Arabako Foru Aldundiarekin zituen zerga zorrak gauzatan ordaintzeko edo zorrak kitatzeko "emanda".
Kapritxoak eta Tauromakia artistak berak eman zituen argitara, Hondamendiak eta Burugabekeriak, aldiz, ez ziren Goya bizirik zegoela argitaratu, eta ez ziren argitara eman, harik eta San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiak kobrezko xaflak erosi zituen arte: 1863an eta 1864an, hurrenez hurren.
Hemen aurkeztutako serieetako hiru, Kapritxoak, Gerraren hondamendiak eta Burugabekeriak, lehenengo edizioak dira; Tauromakia, berriz, bigarren edizioa da.
Lau serie handi hauetan gerrak, eguneroko indarkeria, gehiegikeriak edo bidegabekeriak agertzen dira; ikuslea interpelatzen dute, eta hausnarketa ahalegina eskatzen digute irudi bakoitzaren interpretazio pertsonala egiteko.
KAPRITXOAK. 1797-1799
Laurogei estanpa hauetan, Goyak gizarteko sektore guztien giza jokabidea kritikatu zuen. Lan honen espiritu erreformistaren aurrean Inkisizioak har zitzakeen errepresalien beldurrak artistak bilduma merkatutik kentzea eragin zuen.
Serie hau irudiak testuinguru orokor baten barruan irakurtzeko liburu gisa sortu zen, eta hala eutsi zitzaion egileak berak 1799an egin zuen lehenengo edizioko ale honetan.
GERRAREN HONDAMENDIAK 1810-1815
Independentzia gerran inspiratutako laurogei estanpaz osatuta dago bilduma hau. Horietan, edozein gatazka belikoren berezko indarkeria eta basakeria eszenak daude, karga dramatiko handiko irudi ikaragarriak, heriotza protagonista dutenak.
Goyak argitaratu gabe utzi zuen, Fernando VII.aren itzuleraren ondoren sortutako giro politikoagatik. Ikusgai dagoen seriea San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiak 1863en egindako lehenengo ediziokoa da.
TAUROMAKIA 1816
Serieak zezenketen inguruko 33 estanpa ditu. Goyak, oraingo honetan, gai herrikoi batera jo zuen, zentsuratu zitekeen eduki ideologikorik ez zuen gai batera. Alabaina, argilun biziko irudiek eta artistak festarekiko agertutako jarrera kritikoak ikusleek ez ulertzea eragin zuten, eta lehen edizioa porrot komertziala izan zen.
Hemen ikusgai dauden estanpak Kalkografia Nazionalak 1855ean egindako bigarren ediziokoak dira.
BURUGABEKERIAK [ATSOTITZAK] 1815-1824
Serie honetan zenbait urtez lan egin ondoren, 1824an Goya Bordelera joan zen bizitzera, eta amaitu gabe utzi zuen. Hamazortzi estanpa hauek San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiak 1864an egindako lehenengo edizioan argitaratu ziren.
Irudiak anbiguoak zirenez, legendarik ez zegoenez eta xaflek zenbakirik ez zutenez, zaila da seriea interpretatzea. Izenburuak ere aldaketak izan zituen: lehenengo edizio honetan, Atsotitzak jarri zioten, baina urte batzuk geroago Burugabekeriak izenburua finkatu zen.
Fray Francisco ibilbidea, 8

