28 Exposicion reliquias de martioda eu - arteederrenmuseoa
Eduki publikatzailea

Martiodako erlikiak. Altxor zaharberritua
Arabako Foru Aldundiaren Zaharberrikuntza Zerbitzuak zenbait urtez lanean jardun du Martiodako San Joan Ebanjelistaren elizatik ekarritako erlikitegi multzo aparta aztertzen, kontserbatzen eta zaharberritzen.
Proiektu hau ezagutzera emateko eta multzo honen garrantzia zabaltzeko "Martiodako erlikiak. Altxor zaharberritua" erakusketa antolatu du Arabako Arte Ederren Museoan. Erakusketa lagina osatzen duten pieza adierazgarriez osaturik dago. Pieza horiek muntaia baten bidez aurkezten dira, eta, muntaketan, azalpen testuak eta zaharberritze prozesuaren irudiak ere jasotzen dira.
Gasteiztik hurbil dagoen Martiodako kontzejuan, Hurtado de Mendozatarren dorretxea dago. Hori izan zen XII. mendetik lur horiek menderatu zituen leinua. Elizako sakristiatik dator erlikia multzoa. Multzo horretako piezen jabeak Hurtado de Mendozatarrak bide ziren. Familiako batzuk Austriatarren gortean nazioarteko diplomazian aritu ziren. Gainera, familiako batzuk Bruselan bizi izan ziren eta han zerbitzuak eman zituzten XVII. mendearen erdialdean, eta beharbada, Martiodara itzultzean, jatorri flandestar argiko objektua hauek ekarri zituzten.
Erlikia horien hezurrak Santa Ursularen segizioko birjinen eta Tebasko Legioko soldaduen kondairarekin loturik egongo ziren. Baina gaur egun garrantzia gehien dutenak erlikia ontziak dira, hezur horiek gordetzen dituzten kutxatila edo kutxa ederrak. Hau da, arreta jarri behar diogu erlikiaren marko egiten duen artelanari, forma ematen diolako, zentzua ematen diolako eta sinbolismoz hornitzen duelako. Are gehiago, erlikiaren balio espirituala erlikia ontziaren balio materialarekin berresten da. Ikusi besterik ez dago nolako izaera dotorea, distiratsua eta koloretsua duten, aditzera emanez errealitate goren batekoak direla. Lan horiek arreta handiz egin zituzten XVII. mendearen lehen erdialdeko artista kualifikatuek Flandrian. Erlikia ontzi batzuek alanbrez eta zetazko hariz egindako landareak eta loreak dituzte, beste batzuek, ehunezko apaingarriak eta metal preziatuzko hariz brodatutako oihal aberatsak, lore marrazkiak eta letrak eratzen dituztenak.
2021/05/28 – 2022/06/05
Asteartetik larunbatera
10:00 - 14:00 eta 16:00 - 18:30
Igande eta jaiegunetan
11:00 - 14:00
Astelehenetan, jaiegunak izan ezik, itxita
Astelehena jaieguna izan bada, asteartean itxita