Ebro ibaiaren arrotik, 1926-2026. Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren mendeurrena - arteederrenmuseoa
Eduki publikatzailea

Ebro ibaiaren arrotik, 1926-2026. Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren mendeurrena
Arabako Arte Ederren Museoak Fernando de Amárica margolari arabarraren bi lan utzi ditu aldi baterako "Ebro ibaiaren arrotik, 1926-2026. Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren mendeurrena” erakusketarako. Fernando de Amárica (Vitoria-Gasteiz, 1866-1956) XIX. eta XX. mendeetako Arabako artista garrantzitsuenetako bat da. Paisaiak margotu zituen gehienbat, eta horien artean ugariak dira bere probintziakoak, Arabakoak, Euskal Herrikoak eta baita inguruko lurraldeetakoak ere, bereziki Burgos eta Errioxakoak.
Horren adibide da Ebro ibaiaren ispiluak. Tobalinako harana margolana, 1927an margotua. Amáricak Ebro ibaiak Burgosko Merindadeen eskualdean egiten duen ibilbidea erakusten du, urarekin eta haren isladekin jolastuz eta kolorea elementu adierazgarri gisa erabiliz.
Gasteizko lautada, ipar-mendebaldeko zaparradapean margolana askoz ere beranduagokoa da, 1944koa; pastel pinturaz eta formatu txikian egina da. Bi margolanak Amárica fundazioarenak dira, eta Arabako Arte Ederren Museoan daude modu iraunkorrean.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoak antolatutako erakusketak Ebro ibaiaren arroan egindako uraren kudeaketaren ehun urteko historia biltzen du. Artelanen, ikus-entzunezkoen, planoen, argazkien eta beste material batzuen hautaketa zainduaren bidez, erakusketak aukera ematen du Konfederazioak lurralde antolamenduan, paisaiaren eraldaketan eta ibai ingurunearen kontserbazioan izan duen zeregin erabakigarria ulertzeko.
