29 Daniel Zuloaga (1852-1921) e - arteederrenmuseoa
Eduki publikatzailea
Daniel Zuloaga (1852-1921)
Joan zen 2021. urtean, Daniel Zuloaga Boneta (1852-1921) zeramikagilearen heriotzaren urteurrena izan zen. Hori dela eta, Arabako Arte Ederren Museoak autorearen eta bildumako haren artelanen inguruko erakusketa txiki bat aurkezten du. Bere irudiari oso lotuta dauden bi margoz lagunduta daude: Pablo Uranga arabarraren "Segoviako gizon batzuk” eta Elias Salaverriak sinatutako bere erretratua.
Daniel Zuloaga Boneta XIX. eta XX. mendeen arteko Espainiako artista-familia garrantzitsuenetako batekoa da, Zuloaga familiakoa. Jatorria Eibarren (Gipuzkoa) zuelarik, haren kideetako asko -hala nola Ignacio Zuloaga margolari ezaguna- armagile, damaskinatzaile, zeramikagile edo margolari bezala nabarmendu ziren, eta haietako askoren ospea gure mugetatik kanpora zabaldu zen.
1867an, Danielek 15 urte zituela, hiru gazteak hasi ziren Frantziako Sèvres-ko zeramika fabrikan ikasten, zeina Europa guztiko prestigiotsuenetako bat baitzen. Bost urtez egon zen han, eta zeramikagintzako tekniketan prestakuntza sendoa lortu zuen.
Guillermo bere anaiarekin batera, parte hartu zuen eraikuntza garrantzitsuetan aplikatutako zeramika barne zuten proiektu askotan, Espainia guztian zehar. Madrilen, hainbat eraikin enblematiko egin zituen, hala nola Velázquezen jauregia eta Kristalezko jauregia, Retiro parkean, edo Meatzeetako Ingeniarien Goi-mailako Eskola Teknikoa. Euskal Herrian, erakusgarri ugari ditugu Donostian, hala nola Arte eta Lanbide Eskolako dekorazioa. Bilbon, eraikuntza partikularretan egindako hainbat esku-hartze daude. Lan horietarako bere ekarpenaren eskakizun teknikoarengatik, Daniel Segovian kokatu zen 1893an.
Bere lantegia ireki zuen La Segoviana deituriko toska fabrika batean. 1905ean, hondaturik zegoen eliza erromaniko bat erosi zuen, San Juan de los Caballeros izenekoa. Zaharberritu ondoren, zeramika tailer bihurtu zen eta bertan lanean hasi zen bere seme-alabekin. Lantegia izen handiko zentro artistiko bilakatu zen.
Arkitekturan dekoraziorako grinak gainbehera egin zuenean, lantegia birbideratu zen formatu txikiko lanak, apaingarriak eta askotariko gaiei buruzkoak, sortzera. Holakoek arrakasta komertzial handia izan zuten eta ospe handia eman zioten. Museo osoan hainbat tipologia ikusten ditugu: kaxa, plaka edo azulejoa, tiborea eta emakumeen busto txikia, arabiar jatorriko teknika tradizional batzuekin eginak, Zuloagatarrek berreskuratu zituztenak, hala nola plaketarako erabilitako "arroa edo ertza" edo "urre koloreko erreflexuena", metal preziatuen efektu iridiskorrekin, Ortzarentzat.
Eskualdeko seriea ezagunenetako bat da. Gaztelako paisaia eta tipoak dituzten eszenetan oinarritzen da, plater, kaxa, pitxer eta abarren gainean margotzen dituenak. Segoviarekiko erreferentziak (katedrala, hirigunea edo bertako biztanleak) nonahi ageri dira. Beste serie batzuk dira Heraldika, errege-armarriarekin, eta Erretratuak, emakume ijitoaren bustoa izango litzatekeena.
Daniel Zuloaga 1921ean hil ondoren, haren alarguna eta seme-alabak izango dira tailerraren jarraitzaileak. Ekoizpen handia mantendu zuten, ale txikien ereduak errepikatuz, 1920ko eta 1930eko hamarkadetan zehar. Beren lanen promozio komertziala egin zuten, katalogo, posta-txartel, azoka eta erakusketen bidez.
San Juan de los Caballeros-ko lantegia Estatuak erosi zuen 1947an, haren ondare historikoa gorde ahal izateko. Gaur egun, Segoviako Zuloaga Museoa da, Gaztela eta Leongo Gobernuarena.
2022/05/18 – 2023/01/15
Asteartetik larunbatera
10:00 - 14:00 eta 16:00 - 18:30
Igande eta jaiegunetan
11:00 - 14:00
Astelehenetan, jaiegunak izan ezik, itxita
Astelehena jaieguna izan bada, asteartean itxita