Eduki publikatzailea

Exposicion museo de bellas artes

Fernando García Alegría (1895 – 1952)

Arabako Arte Ederren Museoan

Arabako Arte Ederren Museoak Fernando García Alegría pintorearen (Bilbo 1895-1952) erakusketa murriztu bat antolatu du. Horrela, bilduman sartu berri diren bi lan aurkeztu nahi ditu: Irene Manzaneque emaztearen eta Nieves García alaba bakarraren erretratuak, 2019an museoari dohaintzan emandakoak. Bi lanak XX. mendeko 40ko hamarkadan margotu zituen, eta artistaren eremu pribatuenekoak dira. Dohaintzak osatu egiten du egileak Arabako pinakotekan dituenak, orain arte Pensativa gaztaroko lanek, 1918 inguruan egindakoek, eratua.

Fernando García Alegría

 

2020an, 125 urte betetzen dira "FERNANDO" jaio zela, hala ezagutzen zuen arte munduak eta hala sinatzen zituen margolanak. Haurtzaroa eta lehen gaztaroa Bilbon igaro ondoren, 1910ean Buenos Airesera alde egin zuen familiarekin. Han, bitxigintzako familia-negozioan lan egin zuen, eta mundu kosmopolita bat izan zuen eskueran Buenos Airesko hirian. Besteak beste, nazioarteko arte erakusketetara joaten da, eta Espainiako eta Europako artista garaikide garrantzitsuenen lana ikusiko du.

1916an, 21 urte zituela eta bokazio artistiko irmoa zuela, Bilbora itzulita, Euskal Artisten Elkartean sartu zen. Hala ekoizpen- eta erakusketa-jarduera biziari ekin zion, emakumearen irudia ardatz duen obra batekin, ekialdea oinarri duten gai exotikoekin eta Parisko balletak edo kosmopolitismoa adierazten duten irudiekin, hori guztia orbita sinbolista enigmatiko baten barruan. Bilbon ez ezik Madrilen eta Parisen ere bizi izan zen, non bakar-erakusketak egin eta sona handiko komunikabideen, hala nola, “La Esfera”ren aipamenak lortu zituen. Azken horrek bere azala eskaini zion Fernandoren Pensativa lanari, 1918an. 1925 aldera, norabidea irauli, emakumearen irudikatze modernista eta sinbolista nagusi zen garaiari uko egin eta beste genero batzuk jorratzeari ekin zion,: natura hilak eta, batez ere, paisaiak.

Gerra Zibilaren garaian Madrilen bizi izan zen, non margotzen eta egunkarietan laguntzen jarraitu zuen. 1937an, Espainiak Parisko erakusketan zuen pabilioian erakutsi zuen; hain zuzen ere, Euskadi atalean, non mendearen lehen hereneko euskal artearen panorama osoa erakutsi baitzen.

Berriz ere Bilbon 40ko hamarkadaren hasieratik, Fernandok bere emaztearen eta hamabost urteko alabaren erretratuak egin zituen. Obra hori "salmentaz kanpo" erakutsi zuen bere hirian, 1944an, eta, salbuespen hori dela eta, bi margolan horiek familia eremuan gorde dira, harik eta Nieves García, Fernandoren alaba, oraintsu hil den arte.

Fernando García Alegría

 

Margolariak lanean jarraitu zuen azken unera arte. 1952ko urtarrilaren 26an hil zen, Bilboko Arte Aretoan egin zuen erakusketa bat amaitu berritan.

2020/07/21 - 2020/05/18

SARRERA DOAN

contacto museo bellas artes

 

Fray Francisco ibilbidea, 8

01007 Vitoria-Gasteiz

contacto museo bellas artes

 

945 155226

945 181918

ORDUTEGIA

Asteartetik larunbatera

10:00 - 14:00 y 16:00 - 18:30

Igande eta jaiegunetan

11:00 - 14:00

Astelehenetan, jaiegunak izan ezik, itxita

Astelehena jaieguna izan bada, asteartean itxita